Argitxu Noblia ikastola baten sustatzailea izan zen. Ingurukoak lotsatzen edo beldurtzen zirelarik, bera etxean hasi zen seme-alabak txikiak zirela euskaraz irakasten: “Nik nahi nuen euskara nire seme-alabei eman”, dio. Poliki-poliki, haren auzoko eta lagunak ere inguratu ziren: “Hasi ziren ohartzen nire haurrak hasi zirela euskara egiten. Jende guztiak harrituak: ‘Nola egiten da? Guk ere nahi genuke’. Haien beldurra eztitu da ikusiz egiten ahal dela”.
Klaseak xumeak ziren; mahaiak bazeuden: “Segur aski, beste ikastetxeren batetik ekarritakoak izango ziren” nabarmendu du Kontxi Errok. Dioenez, berritzailea izan zen mahaiak ez ezik lurra ere erabiltzea; ikasleak lurrean aritzen ziren jolasean, eta, horrela, estatikotasuna gainditu zuten. Materiala ere urria zen: “Guk genuen bakarra arkatza, papera, margoak, arbela eta jostailuak ziren”. Garai hartan ez zegoenez, elkarlanean sortu zuten materiala.