Gizakiok sailkapenak egin ditugu organismo (bizidun) horiek guztiak era ordenatuan ezagutzeko. Izan ere, organismo bakoitza besteekiko desberdina izanik, badira ezaugarri berdintsuak dituztenak, eta horiek talde berezietan jartzen ditugu. Esate baterako, tigrea eta katua zeharo ezberdinak dira, baina badituzte zenbait antzekotasun: biak larruazal iletsua dute, ugaztunak dira, ehizarako eta umeak hazteko joera bertsuak dituzte… Biak felidoak dira, katuaren familiakoak.