Aro Modernoan ekonomiak eta gizarteak izan zuten bilakaera bertsua izan zuten aginte moduek ere.Era horretara, Erdi Aroko monarkia feudaletik, zeinetan erregeak nobleekin banatzen zuen boterea, monarkia autoritariora aldatu zen, eta erregea nobleziaren gainetik, erakunde eta gorteen buru jarri zen.Dena den, nobleekin erdibanatzen zuten erregeek agintea, eta gorteen beharra zuten zergak onartzeko. Eredu horren adibide argia dira Errege-erregina Katolikoak. XVII. mendean, monarkia absolutua bihurtu zen, hau da, erregea erresumako biztanle guztien gainetik zegoen, denak zeuden bere zerbitzura eta erregeak agintzen zien. Gobernatzeko, ministro, aholkulari eta idazkarien laguntza zuen; erregeak berak hautatzen zituen denak, beren gaitasunak kontuan hartuta. Erregearen boterea Jainkoarengandik zetorkion zuzenean, eta haren izenean agintzen zuen; Erdi Aroko gorteek, Frantzian Estatu Nagusi deituak, ez baitzuten jada botererik. Absolutismoaren eredu nagusia Frantziako Luis XIV.aren erregealdia izan zen. Espainian, haren biloba Felipe V.a errege izendatzean ere absolutismoaren ezaugarriak ezarri zituen. Ingalaterran absolutismoa nagusi bazen ere, 1688tik aurrera erregearen boterea mugatu egin zen, eta botere politikoa parlamentuaren eta monarkiaren artean banatuta geratu zen, monarkia parlamentarioari hasiera emanez. XIX. mendearen erdira arte ez zen aginte modu hori Europako beste herrialdeetara zabaldu.