Musika-tresnak egiteko lantegi ugari sortu zen, eta teknika hobetzeari esker musika lan korapilatsuagoak konposatu ahal izan ziren. Musika jende gehiagorengana heltzen zen, eta aristokratak horretaz baliatzen ziren, jauregietan kontzertu areto txikiak eraikiz eta musika propaganda modura erabiliz, beren agintea goresteko. Musika arloan, Europan, Italia gailentzen zen, hantxe gauzatzen baitzen musikaren historiako gertaera garrantzitsuenetako bat.
Johann Sebastian Bach eta Georg Friedrich Haendel dira garai honetako musikagilerik nabarmenenak. Hain dira nabarmenenak non Barroko musikalaren amaiera Bachen heriotzarekin batera gertatu zela uste baita. Antonio Vivaldi eta Arcangelo Corelli dira garai hartan nazioartean ezagun egin ziren beste bi musikagile.