XIX. gizaldiko aldakuntzarik handienetarikoa industriaren agerpena izan zen eta honen ondorengoz, sorturiko gizarte mota eta gizarte harreman berriak: jendea hirietan pilatu zen, hamalau ordutik gorako lanaldiak, soldata lotsagarriak… Elizak ez zuen erreakzionatu XIX. mendearen bigarren zatira arte. Kristau talde batzuek (Alemaniakoek eta Frantziakoek, batez ere) presioa egin zioten aita santuari, egoera dramatiko hari buruz hitz egin zezan. Horren ondorioz, 1891.an Leon XIII aita santuak Rerum novarum entziklika plazaratu zuen; Elizak gizartearen egoerari buruz prestatutako lehen agiri ofiziala zen.