Testuek, laburrak ala luzeak izan, atalak izaten dituzte. Atal horiek testu motaren araberakoak dira; ez dituzte atal berdinak, esate baterako, eskutitz batek, errezeta batek, leku-deskribapen batek, ipuin batek… Baina guztiek izan ohi dute testuaren gaia adierazten duen izenburua, eta haren ondoren doaz testua eta, kasuan-kasuan, testu-atalak.
Testu batzuetan, aldizkari eta egunkarietako artikuluetan esaterako, sarrera bat egon ohi da. Bertan, testuaren laburpena egiten da eta alderdirik esanguratsuenak biltzen dira. Funtsean, testuak azalduko diguna ulertzen laguntzen du.
Testuetako azpitituluek, izenburu orokorrak bezala, testu-atalen gaia eta nondik norakoak aurreratzen dizkigute. Atal horiek elkarri loturik daude, gai orokorraren parte dira, haren hainbat alderdiren garapena, hain zuzen. Azken batean, testu-ataletan testuaren izenburuak aditzera ematen duen gaiaren garapena gauzatzen da.