Hasieratik hasiko gara. Guztiok dakigunez, Lurra biribila da, edo, hobeto esanda, ia biribila. Baina Lurrazalean bertan ikusten dugun bezala, Lurraren osagaiak ez dira berberak leku guztietan. Zenbait lekutan ura da osagai nagusia, beste batzuetan ez. Gainera, zientzialariek kontatzen digutenez, guk zapaltzen dugun zoruaren azpian fenomeno asko gertatzen dira, Lurraren egiturarekin lotura zuzena dutenak: sumendiak, kontinenteen desplazamenduak, lurrikarak, eremu magnetikoak… Fenomeno horiek Lurraren barneko indarren ondorioz gertatzen dira. Bestalde, fenomeno eta higidura horiek Lurraren barne-egituran dute oinarria, eta, egitura hori dela bide, aldatu egiten da lurrazala: mendiak sortu, bailarak osatu, sakoneko geruzetan irregulartasunak agertu…