Neskek, jaiotzean, obulutegietan izaten dituzte beren obulu guztiak, baina heldu gabe. Pubertaroan, obuluak heltzen hasten dira. 28 egunean behin, gutxi gorabehera, obulu bat heltzen da. Obulu heldua obulutegitik ateratzen da, eta Falopioren tronpa, umetokia eta bagina zeharkatuz, kanpora ateratzen da, odoljario txiki batekin batera. Odoljario horri menstruazio edo hileko esaten zaio.
Espermatozoideak dira sexu-zelula arrak, eta barrabiletan sortzen dira. Oso zelula txikiak dira. Buru txiki bat dute, eta isats luzea eta mugikorra, toki batetik bestera joateko.
Espermatozoideak etengabe sortzen dira barrabiletan pubertarotik aurrera. Hodi deferenteetatik eta gernubidetik igarotzen dira, eta zakiletik kanpoaldera ateratzen dira. Espermatozoideak likido batekin nahastuta kanporatzen dira; likido horrek espermatozoideak garraiatzen eta elikatzen ditu. Espermatozoideek eta likidoak semena osatzen dute.