Zeluletan gertatzen diren erreakzio kimiko anitzak segidatan daude antolatuta; segida horiei bidezidor metaboliko esaten zaie eta, horietan, erreakzio baten produktua hurrengoaren substratua da. Bidezidor metabolikoek bi erreakzio kimikotik hogeira izan ditzakete. Erreakzioak lerro-itxurakoak, ziklikoak edo adarkatuak (konbergenteak edo dibergenteak) izan daitezke, eta, elkarren artean konektatuta daudenez, oso sare konplexua osatzen dute. Ondorioz, konposatu bat bidezidor metaboliko batean baino gehiagotan egon daiteke.